contacto

Berria 14/12/2006
INDEPENDENTZIA HELBURU. 'El coronel Macia' filmatzen ari da Josep Maria Forn, ERC alderdia sortu zuen politikariaren inguruko lana

Xabier martin
Donostia

«Mundu guztiak ezagutzen du Macia, baina inor gutxik ondo. Ikono bat da, baina ezezaguna». Halaxe uste du Josep Maria Forn zinemagileak (Bartzelona, 1928), eta horregatik Esquerra Republicana de Catalunya alderdiko fundatzaileari buruzko film egitea beharrezkoa ikusi du.

El coronel Macia filmaketaren hirugarren astean da jadanik, eta oraindik beste lau beharko ditu Fornek nahi dituen plano guztiak lortzeko. Baina oraingoz «gauzak ongi doaz, arin behintzat». Josep Maria Forn berak idatzitako gidoia du atzean filmak. «1905ean militarrek Cu-Cut astekariari eraso egin zioten, duela 101 urte hain zuzen, eta gertakizun haiek Maciaren bizitza aldatu zuten». Zinemagileak aspaldian zuen buruan ERC alderdiko fundatzailea eta Generalitateko president-a izan zenari buruzko filma egitea, baina aurrekotuaren arazoak zirela medio beti atzeratu zuen. «Iaz filmatu nahi nuen gertakizun historikoen 100. urteurrenean, baina orain eginda ere pozik nago», dio Fornek.

Francesc Macia i Llusa Espainiako ofiziala zen -ez zen koronela, baina izenburua ulertzeko filma ikusi behar omen da-, eta Cu-Cut eta La veu de Catalunya-ko erasoak gertatzean 47 urte zituen jada. «32 urte zeramatzan ibilbide militarrean, baina jazotakoa ikusita, bere buruarekin krisialdi gogorra izan zuen». Eta krisialdi hori bere pentsamoldea aldatzeko bide izan zen. Aurrerantzean Kataluniako independentziaren alde ariko zen. «Maciaren inguruko eztabaida sortu nahiko nuke. Badakit estatutu berriaren kontuarekin bat egiten duela filmak, nolabait, baina aldi berean argi utzi nahi dut film hau fikzioa dela». Fikzioa izan edo ez, saihestezina da filma Kataluniako egungo egoera historikoarekin lotzea. «Ika-mika sortzen bada askoz hobe filmarentzat. Begira, proiektu hau duela hiru urte jaio zen, Katalunia lasaitasun oasi bat zenean, hiruko gobernua sortu gabe zegoenean alegia. Ostean, Espainiarekin izan behar genuen elkartasunaren eztabaida hasi zen, eta azken hilabeteotan agenda politikoan atera diren gai guztiek zerikusia dute El coronel Macia-n azalduko diren pasarte historikoekin».

Films de l'orient Josep Maria Forn beraren ekoiztetxea da egitasmoaren hauspo emaile nagusia, baina badira beste batzuk ere. «Ez nuen inolako erraztasunik aurkitu egitasmo hau aurrera ateratzeko, baina ni oso burugogorra naiz, eta aurrera egin nuen. Ez dut ezkutatzen Esquerra Republicana de Catalunyatik oso gertu ikusten dudala neure burua, baina hiruko gobernutik ez nuen erantzun onik jaso laguntza eske joan nintzenean. Generalitateko Lehen kontseilariak zazpi hilabete izan ninduen erantzun baten zain, eta ondoren ezezkoa izan nuen. Lehentasunak beste batzuk izango ziren nonbait. Azkenean, TV3 kateko zuzendaria aldatu zutenean, zuzendari berriak lagunduko zidala esan zidan, eta horri esker jarri gara martxan». Hala, Films de l'orient, Cinema i Televisio, Diafragma eta TV3 dira filma ekoitziko dutenak. «Baina egitasmo erabat pribatua da». El coronel Macia-k 2,5 milioi euroko aurrekontua dauka, eta TV3 kateak 500.000 euro ordainduko ditu, «antena eskubideak jartzeaz gain». Aurrekontuaren %85 Films de l'orientek hartuko du bere gain.

ABEL FOLK IZANGO DA MACIA. Pertsonaia historikoak fikziozkoekin nahastu ditu gidoian Josep Maria Fornek. Elisabeth Joyce kazetari irlandarra da istorioaren narratzailea, Molly Malcolm aktorea. «Pertsonaia hori neutrala da, eta gertatutakoaren berri modu objektiboan eman dezake». Gidoia idaztean Elisabeth Joyce izan da Fornen ahotsa. Macia militar eta politikariaren pertsonaia, berriz, Abel Folkek jokatuko du. «Katalanek bere historia ezagut dezaten baliagarria izango da filma, eta aldi berean, katalanak nor garen jakiten lagunduko dio beste aldeari», esan zuen joan den astean aktoreak. «Beste aldeak katalanak ulertzen lagundu dezake, baina ni ez naiz hain baikorra», zehaztu du zuzendariak. Lubakia «zabalegia» ikusten du Fornek.

Edonola ere, historia errepikatzen ari dela uste du El coronel Macia filmaren arduradun nagusiak. «Egungo katalanek pairatu behar izaten duguna bizi izan zuen Francesc Maciak ere. Euskaldun asko abertzaleak diren moduan, bera ere abertzalea zen, baina Katalunian». Kataluniaren naziotasunaren oinarriak bizi-bizirik daudela uste du Fornek, baina estatutu berriaren inguruko egoerak Kataluniara «paranoia» ekarri duela dio. «Katalunian denek bozkatu nahi dute zerbait, baina ez dakite zer».

Yo mate (1995), La barca sin pescador (1964), Companys proces a Catalunya (1979) eta Subjudive (1998) filmeen egileak aurten estreinatu nahiko luke bere hurrengo filma, El coronel Macia. «Abendurako edo datorren urteko urtarrilerako estreinatu nahi dugu».

Macia, militar eta politikari irmoa.

Francesc Macia i Llussak (1859, Vilanova i la Geltrù - 1933, Bartzelona) Katalunia independentziara eraman nahi izan zuen. Espainiako Armadan ibilbide militarrari ekin zion gazterik, baina 1905ean bere bizitza aldatuko zuten gertaerak jazo ziren: La Veu de Catalunya eta Cu-Cut hedabideei militarrek egindako erasoak.

Bizipen horiek Kataluniak independentzia behar zuela pentsatzera eraman zuten, eta helburu horrekin babesa bilatu zuen Sobiet Batasunean. Handik laguntza jasoko ez zuela ohartzean, bere kabuz Katalunian esku-hartze militarra egitea erabaki zuen. 1926ean, Parts de Mollotik abiatu zen, mugaz beste aldetik, baina saio hura azkar indargabetu zuten. Macia atxilotu egin zuten, eta Belgikan erbesteratu zen. Ordurako, ordea, Katalunian babes sozial handia lortua zuen. Argentinan eta Kuban ere bizi izan zen. Habanan Kataluniako Alderdi Sepatarista Iraultzailea sortu zuen.

Macia 1931n itzuli zen Kataluniara, Primo de Riveraren diktadura amaitzean. Urte hartan bere alderdiak, ERCk, bozen gehiengo absolutua atera zuen, eta Maciak Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen Bartzelonako Udaletxeko balkoian. Generalitateko presidentea izan zen bere heriotza arte.

volver
CastellanoCatalàEnglish
Josep María Forn Web salir